- Soldaduran eta lotura-teknologietan espezializatutako lehen azoka profesionala berriz dator Ficobara martxoaren 18an eta 19an
- Early Bird enpresa-erakusketarientzat azaroaren 28ra arte
(Irun, 2024 azaroak 8). UNIRE soldadura eta beste lotura-teknologia batzuen azoka da, eta Ficobak antolatzen du CESOLekin batera. Bigarren edizioa du, eta ikusmin handia sortzen ari da industria-sektorean. Lau hilabete baino gehiago falta direnean, ekitaldiak bere erakusketa-espazioaren % 70 erreserbatuta dauka dagoeneko. Horien artean, lehen edizioan parte hartu zuten enpresak daude, eta beste berri batzuk ere bai, hasierako deialdiaren arrakastak erakarrita. Erakusketarien zerrenda eguneratua webgune ofizialean begira daiteke: UNIRE.
UNIRE sendotu egin da, materialak lotzeko soluzioak eskaintzen eta eskatzen dituzten enpresen ekosistemarako topagune nagusi gisa. Aurten ere, lehen mailako enpresa-erakusketariak bilduko dira azokan, eta soldaduraren teknologietan espezializatutako audientzia industriala izango dute eskura. Azokak Espainiako eta Frantziako hego-mendebaldeko sektore industrializatuetako profesionalak erakartzen ditu, eta horien artean, lotura-teknologietan eskari handia duten enpresetako soldadurako profesionalak, erosleak eta erosketa-erabakitzaileak.
CESOLekin lankidetza eta munduko txapelketara joateko soldadura-lehiaketa
UNIREk berritu egin du CESOLekin (Soldaduraren eta Lotura Teknologien Espainiako Elkartea) duen aliantza. Izan ere, lankidetza hori funtsezkoa izan da azokak arrakasta izan dezan, material-loturari eta horretarako teknologiei soilik eskainitako Espainiako industria-gailur profesional bakarra den aldetik.
Era berean, UNIREk ikasleei eta gazte profesionalei zuzendutako soldadura-lehiaketa bat antolatuko du berriro, pizgarri berezi batekin: irabazleek plaza bat lortuko dute, Essenen (Alemania) egingo den munduko soldadura-txapelketan lehiatzeko. Alacanteko, Asturiaseko, Kantabriako, Kordobako, Euskal Herriko, Huelvako, Logroñoko, Madrilgo, Murtziako, Nafarroako eta Zaragozako prestakuntza-zentroak, dagoeneko, beren ordezkariak prestatzen ari dira CESOLek koordinatzen dituen MAG soldadurako (135 prozesua), TIG soldadurako (141 prozesua) eta elektrodo estali bidezko soldadurako (111 prozesua) probetarako.
Call for Speakers eta mahai-inguruak
Call for Speakers-a ere ireki du UNIREk. Aurten, hitzaldiak mahai-inguruetan antolatuko dira. Haietan, enpresa erakusketariek eta sektoreko adituek soldadurako eta lotura-teknologietako azken berrikuntzak eta joerak partekatuko dituzte. Saio horiek gaurkotasuneko gaiak izango dituzte ardatz, eta ezagutza trukatzeko espazio paregabea eskainiko dute.
Azken egunak, Early Bird deskontua aprobetxatzeko
Parte hartu nahi duten enpresek Early Bird deskontua eskuratu dezakete oraindik, azaroaren 28ra arte. Aukera horri esker, azokan prezio berezian egotea ziurta dezakete konpainiek, eta soldaduraren eta lotura-teknologien sektorean oso espezializatuta dagoen audientzia batera irits daitezke.
UNIRE zer den
UNIRE material anitzen soldaduran eta lotura-teknologietan espezializatutako azoka profesionala da, eta Ficobak sustatzen du CESOLekin lankidetzan. Sektoreko enpresen ekosistema biltzea du helburu, horrela negozio-sortzea, ezagutza-trukea eta gazteen talentua bultzatzea sustatzeko. UNIRE martxoaren 18an eta 19an egingo da Ficoban.